2016(e)ko urriaren 31(a), astelehena

2016(e)ko urriaren 27(a), osteguna

Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren 27. astea

webgunera lotura hemen
Urriak 29 eta azaroak 4 bitartean Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 27. astea ospatuko da. Programazioan bada haurrentzako eskaintza berezi pare bat. Euskaraz, Viktoria Eugenia antzokian, datorren larunbatean, eguerdiko 12etan: Teresa eta Galtzagorri. Eta igandean, ordu berean, Antzoki zaharrean, Lotte eta harri bitxien sekretua.
Animazio tekniketan aitzindari da Dibuliton ekoiztetxea Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren proiektuak garatzeko laguntzari esker, Teresa eta Galtzagorri ipuin bilduma oinarri hartuta atondu dute filmea. Bertan, Tim izeneko iratxo baten istorioa kontatzen da, eta haren bidez, adiskidetasuna eta naturarekiko errespetua helarazi nahi ditu, abenturatan barrena.

Iganderako filmea Letonia-Estoniatik heldu da. Tenplu sakratu batetik hiru harri bitxi hartu ostean, harri horien benetako balioa zein den jakin nahiko dute, eta Ilargiko Untxiak eta Paul katua segika izango dituzte,
Bi filmeetarako gonbidapenak antzokiko lehiatilan eskura ditzakezue... Agortu baino lehen.

2016(e)ko urriaren 25(a), asteartea

Eskola Hiztun Bila

Gaurko egunez, eta bihar berriz, Ulibarritarrok Leioako Campusean dugu hitzordua. Aurtengo saioen aztergaia: Euskara ardatz eta ikasle eleaniztunak helburu dituen ikastetxearen Hizkuntza Proiektua.

Kezka honek bilduta bertaratuko dira Ines Garcia-Azkoaga eta Leire Diaz de Gereñu, baita Uri Ruiz Bikandi eta Vicent Pascual Granell ere, eta haiekin batean, Hizkuntza Normalkuntzan diharduen lan talde ikaragarria. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak Hizkuntzen Trataera Bateratuari zein leku egin, Hizkuntzen Trataera Integralari nola heldu, eta Proiektuari berari Euskararen Normalkuntzak zein ekarpen ekar diezazkiokeen aztertu ostean, Eskualdeetako mintegiek datozen hilabeteetan bertan entzundakoen inguruko hausnarketa egin ahal izango dute, erronka potolo horri heldu eta Ikastetxeetako Hizkuntza Proiektuetan gauza dadin urratsak emanaz.

2016(e)ko urriaren 14(a), ostirala

Euskadi Literatura Sariak 2016

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1997 urteaz geroztik antolatzen duen sariketa da hau; 2009 urtera artean Euskal Literatura, Itzulpengintza, Haur eta Gazte Literatura eta Gaztelaniazko literatura sailak bazituen ere, orduan Ilustrazioen saria gehitu zitzaion, eta urtebete beranduago, 2010ean alegia, Saiakera saria.

Azaroaren 17an San Telmo museoan egingo da sariak banatzeko ekitaldia, eta datorren astean mango dituzte ezagutzera itzulpenik onenaren eta euskarazko eta gaztelaniazko lanik onenen izenak; gaur plazaratu dituzte euskara eta gaztelaniaz egindako saiakerari dagozkienak (Tartaroa. Mina, boterea eta egia. Mitxelko Urangarena lehena, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936, Fernando Mikelarenarena bigarrena), baita Ilustrazioari eta Haur eta Gazte Literaturari dagozkienak ere (Ilustrazioan, Así es la dictadura, Mikel Casalena, eta Haur eta Gazte Literaturan berriz, Uxue Alberdiri, Besarkada lanagatik).


Uxue Alberdiren lanak baina, alor desberdin ugari uztartzen ditu: Maite Gurrutxagaren ilustrazioek lagunduta, kopla bidez osatu du bere kontakizuna idazle eta bertsolariak, eta pentsatzeko baino gehiago, sentitzeko liburua dela azpimarratu du epaimahaiak, literaturak gauza txiki ederrei gorazarre egiteko balio duela agerian utziz.


Haiei guztiei zorionak emateko, baina, batez ere, gozatzeko...