2016(e)ko abenduaren 15(a), osteguna

ZirKorrika!

eta asteburua ongi baino hobeki hasteko... 
Iruñean egindako beste ekitaldi baten berri eman behar, aurkezpena egin zenetik zain ginelako. AEKk ZirKorrika aurkeztu du, martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko den Korrikan gehien entzungo den kanta: alaia, bizia, festa giroan, ganberro eta poetikoa, originala... eta gurera ekarriz, baita hitzontzi xamarra ere. Berehala sumatuko duzue zergatik.
berri gehiago hemen


Gozatzeko mundiala!
Korrika bera bezalakoxea.

Bat, 
izan bat,
egin bat,
bat, zuk eta bat nik...
Euskara da mundu bat!

Zenbat denbora beharko duzue buruz ikasteko?
... Hitzontziok datorren batzordetik luzatuko dizuegun erronkari eutsiko al diozue?


Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa


Donostiaforum
Europar Batasunaren hizkuntz aniztasunaren aldarria egin nahi du Foroak, hizkuntza gutxitua duen herrialde baten ekarpen sinboliko baino gehiago, mugarri ere izan dadin, Europako Kultur hiriburutza duen Donostia 2016 programaren baitan.

Izan ere, Europa Batasunaren hizkuntz aniztasuna bere estatu kideetako 24 hizkuntza ofizialek ezezik, beste 90 hizkuntzak ere osatzen dute. Guztira, 50 milioi pertsonaren hizkuntza "ez ofizialez" ari gara, eta hizkuntza horietako askoren oraina eta etorkizuna bermerik gabe dira gaur, 30 inguru desagertzeko arriskuan direlarik.

Garai batean, Foroetan gauzak eztabaidatu eta, kontsentsuz edo, erabakiak hartzen zirelako hautatu da formatu hau, jakina baita hizkuntzen biziraupenean herrien ardura bai, baina norbanaren erabakiak ere kontuan izan behar direla, hizkuntzek herriak egiten dituztelako, baina hizkuntzak hiztunenak direlako.

Hizkuntzen aniztasunaz eta iraunkortasunaz, Hizkuntzen Eskubideak bermatzeko protokoloaz, Europako Hizkuntza politikaz eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaz, Hizkuntza gutxitu batetik Hezkuntza eleanitzaz... Horretaz, eta beste hainbat gai interesgarriz jardungo gara Donostiako Kursaalean, eta bertan UNESCOren Munduko Atlas berriaren aurkezpena egin ondoren, datorren larunbatean Hizkuntzen Eskubideak betearazteko bide orri berrituaren aurkezpenarekin emango zaio amaiera.

Hizkuntza txikiez hitz egiten dute batzuk, beste batzuek, hizkuntza gutxituak... Hizkuntzen Eskubideak betearazteko eskatzen ari dena, Hizkuntza Gutxitua da, gutxietsia, beste baten maila oraindik ez duena, alegia. Euskararen egoera konplexuaz ere hitz egin da Foroan, jakina baita legezko errealitate desberdinak bizi dituela gure hizkuntzak. Gaur betetzen ditu, hain zuzen, pixkanaka aldatzen ari den Euskararen Legeak 30 urte, eta ospatzeko ezer ez bada ere, Kontseiluak ekitaldia deitu du Iruñean. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkariak, Euskarak Nafarroan jasandako trabak aletu ondoren, Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariari luma bat oparitu dio, euskararentzako lege berria idatz dezaten.

2016(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Astelehen eguerdiz, EB !


Ezkurrean haritza... 

Erneko den itxaropenak mugitzen gaitu hazia ereitera, eta ilusioz jardunez gero, ziur gara, gure ezkurretik haritza jaiotzen ikusiko dugu.

Gaurkoan ideiak biltzen jardun gara, baina oporren itzulerara arte itxaron beharko, bururatu zaizkigunak ezagutu nahi badituzue.

2016(e)ko abenduaren 5(a), astelehena

Erne! Ernetzen ari...

Euskara Batzordea osatzeko ideia zabaldu beharra...

Oraingoan, ez kartel deigarririk, ez deus...
Ahoz-ahokoak beti funtzionatu izan du primeran, are gehiago, gu bezalako Hitzontzi kuadrillan. 
Eta horixe da gure taldearentzako aukeratu dugun izena: HITZONTZI.

Hitzontzik berritsu esan nahi du, baina berritsua da, esateko hitz mordoa bere baitan duena, hitz asko ezagutzen dituena, hitzen altxorra bereganatzen duena. Horregatik gustatu zaigu, Hitzontziak garelako, baina baita gure hitzen kutxa aberasten jarraitu nahi dugulako ere.

Ezkurrean haritza... Lagun talde honen lanak ere itzalik sortuko du, ziur, gure eguneroko jardunean.
Astelehen eguerdietan, lagun giroan, euskara hizpide. Hitzontzia bazara, zatoz zu ere!

2016(e)ko abenduaren 4(a), igandea

Euskararen Bertako egunak... 364


Baina... Euskararen bertako egunek ez dute kanpainarik, euskara #mundiala bada, euskaldunak ere mundialak izanik, geure hizkuntza geuk zaindu behar dugula badakigulako...

2016(e)ko abenduaren 1(a), osteguna

#mundiala

Mundiala da!

Horixe da euskararen egunaren harira aurten abiatu den kanpaina.
Mundialak esanahi bikoitza baitu...
Ederra, aparta, paregabea!
... baina baita mundukoa ere.

Munduan zehar euskaraz mezuak zabaldu nahi?
Sartu... eta idatzi

#mundiala