2017(e)ko urtarrilaren 23(a), astelehena

Laster Agate Deuna...

Pello Añorga izan genuen gurean duela gutxi... Hark kontatutakoen oihartzunaz, ahozko tradiziora gatoz berriz, harribitxi ederra eskutan, edota giltza bat, hobe esan. Urrezko giltza baita Patxi Zubizarretak eta Jokin Senperenak berreskuratu berri duten lana. 


lanaren aurkezpena, hemen ikusgai
Urrezko giltza ez da ipuin bat, ipuin eta istorio eta pasadizu mordoa dira, eta kantak ezezik, jolas formulak ere bai, eta hitz jokoak... eta denek batera, urtebeteko ipuin luze bezain ederra osatzen dute, bizia, garai bakoitzari lotuta kontu-kontari jarduteko aitzakia ematen digulako, Joserra Senperenaren musikak lagunduta.

Grazioseneako sekuoian gora egiten baduzu, hortik goitik itsasoko kresala usaintzen dela diote. Horregatik, istorioak dastatzeko leku maitatua da sekuoia aitona Tomasentzat, presaka ibiltzeko arrazoirik ezagutzen ez duen aitona Tomasentzat... 

Baina, tradizioa gogoko izanik, iragan minez ez, etorkizunari begira baizik, halaxe mamitu dute denen artean lan zoragarria, haurrentzako jostagarri, helduontzako, ziur, altxor preziatua.

Neguan, otsailaren lehen egunekin batean, Agate Deuna ospatzen dugu, eta aurtengo negua latza etorri bazaigu ere, eztarriak berotzen hasiak gara, koplak kantatu ahal izateko. Urrezko Giltzak eskainia da honako pasartea... Badakizue zergatik ospatzen dugun Agate Deuna? 


2017(e)ko urtarrilaren 21(a), larunbata

Hitz adina mintzo

Horixe da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak proposaturiko zikloa. Hizkuntza gutxituak ezagutzeko ziklo ederra burutzen ari dira hilabeteotan, eta bertan izan da duela pare bat egun Londresko SOAS Unibertsitateko Linguistika sailean jarduten den Julia Sallabank. Desagertzeko arriskuan diren hizkuntzen alor desberdinak aztertzen dituzte bertan, eta biziberrituko badira, zein lan ildo jorratu behar diren proposatzen dute. Berriarekin izandako elkarrizketa duzue hemen, baina gauza bat azpimarratu nahi dizuegu... 

Konponbideak ez dira kanpoan, geure baitan baizik: jarrera, konpromisoa... Eta erabili, edonon, edonorekin...
Hizkuntza aldatuko da, aldatu behar da, biziko bada... Ezin beldurti izan, ezin beldurrez bizi... Aldatzea, haztea da, eta haztea, bizitzea.

2017(e)ko urtarrilaren 14(a), larunbata

Txillardegiri omenaldi xumea

Gaur bost urte, Txillardegi joan zitzaigun.
Martxelo Otamendik hil eta biharamunean idatzi zituenak ekarriko ditugu hona, ederki asko laburtu baitzuen haren jarduna:

Profil poliedrikoa dauka, gutxik bezala, herri honetan, Txillardegik. Politika, Hizkuntza, Soziolinguistika eta Literatura. Azken hamarkadetako erreferentzia nagusienetakoa. Alor horietan lehen mailako eragilea izan zen, baina soziolinguistikaren aitzindaria. 

Hizkuntzalaritzan, euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusienetarikoen artean izan zen, eta Euskal literaturara aro berria ekarri zuen, Leturiaren egunkari ezkutua nobelagintza modernoaren hastapenerako mugarri izendatu baitzen. Europatik existentzialismoa ekarri zigun 1957an, eta Euskal Literatura europarraren parte (hala pareko) ere bazela erakutsi zuen hala.

Bere garrantziaren aitortza, batez ere, herriak egin dio, politikoki signifikatua izateak ateak itxi baitzizkion zenbait eremutan. Zuazok berak hari buruz idatzi zuen, Jose Luis Alvarez Enparantza hil eta egun gutxiren bueltan:

Bizi osoa eman du Euskal Herriaren aldeko ahaleginean eta haren jarduna garbia eta gardena izan da. Ez da sekula isildu eta kikildu, ez da sekula lausengu eta zurikeriatan aritu. Nonbait ere horregatik itxi zizkioten Euskaltzaindian sartzeko ateak, eta nonbait ere horregatik baztertu dute beste zenbait erakundetan.

Iritsiko al zaio euskara normatiboa baino, euskara erabilia kezka izan zuen hari benetako aitortza? Helburu hori du Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoak, euskal kulturan hainbat alorretan Aitzindari izan zena ezagutzera eman nahi baitu. 

Fito Rodriguezek egunotan idatzi berri duen testu potoloarekin batean, kaleko arte deritzon irudi pare bat uzten dizuegu gaur, Donostiako Ondarretatik irten eta Zumalakarregi hiribidean barneratzen garela topatutakoa. Antiguako auzoan izan ziren bi euskaltzale handiren omenez...

2017(e)ko urtarrilaren 13(a), ostirala

Nola kontatu ipuinak?

Datorren astean, hilaren 18an, Pello Añorga izango dugu Ikastetxean arratsaldeko 18:30etan, Guraso eskolaren aurtengo bigarren topaketan. Egia esan, Pello Añorgak ez du aurkezpen handiegirik behar, euskal ipuingintzan bere lekua merezimendu osoz egina baitu. Horregatik da plazera bera gure artera ekartzea.

Guztiok ditugu txikitako ipuinak gogoan... Ipuinen bertsio eta aldaera ezberdinek txikienen unibertsoa betetzen dute, eta horregatik da bereziki garrantzitsua zerez bete bakarrik ez, nola bete ere kontuan izatea. Kultura eta tradizioa ezagutzeko giltza dira, hizkuntza aberasteko modu ere badira, balore desberdinak ikusarazteko eredu ere bai, eta apurka, jolas eran tradizio berriak sortzeko bide ere bai... Hori guztia dira ipuinak, baina haurrak ez dira horretaz jabetzen. Haurrentzako, istorio bitxiak dira, zirraragarriak batzuk, dibertigarriak besteak, xelebre edota bihurriak... baina, batez ere, giro goxoan partekatzeko uneak dira. 

Asteazkenean, ikusiko dugu elkar?

2017(e)ko urtarrilaren 11(a), asteazkena

Arnasguneak Haur Hezkuntzan lantzeko



Azken urteotan Hizkuntzak zaintzeko Hizkuntzen Ekologiaz hitz egiten da, eta baita Arnasguneez ere.

Urteak dira kontzeptu horiek DBHn ezagun dituztela, badakitela gure herria Arnasgune batean dela, eta hori gure euskararen erabilerak bakarrik ziurtatzen duela. Hala ere, DBHra heldu aurretik gai horiei buruz ere hitz egiteko beharra ikusten genuela aipatu genien UEMAko didaktika teknikariei normalkuntzan ari garenok duela pare bat urte, eta Pirritx eta Porrotxen eskutik, Miren Amurizak idatzitako ipuin laburren bidez, iritsi berri zaigu material ikaragarri dotorea. Gaur bertan izan dugu eskualdeko Berritzegunean aurkezpen bilera, baina abenduan jendaurrean eginikoa ikusgai duzue, nahi izanez gero, hemen

2017(e)ko urtarrilaren 10(a), asteartea

Euskara da gure territorio libre bakarra

Hala aldarrikatu zuen aspaldi Sarrionandiak, eta horixe hautatu dugu Hitzontzi, gure Batzordea jendaurrean aurkezteko. Urte berriarekin batera, lanean hasteko gogo biziz... Urte berriari zer eska?

Urte berriari zer eska?
Izan mutil, izan neska,
bizi gaitezela barrezka
ta ez itota kezkaz kezka.

Urte berriari zer galde?
Egin dezatela gaitzek alde,
izan dezagula osasuna alde
ta egin elkarri (z)irri debalde.

Urte berriari zer opa?
Egin dezagula denok topa,
bete askatasunaren kopa
ta kendu lotsaren arropa.

Badoa betiko urte zaharra,
hartu ona, baztertu txarra,
eutsi pozari, utzi negarra.
Badator berriaren oldarra,
badakar biziaren indarra.
Izan aske, ausart, ez koldarra,
izan fina, ekina, ez zabarra,
alboratu aitzakia kaskarra,
ito zuribide merke baldarra,
ilusioz bete dezagun bularra,
odolean grina, gogoa, garra,
ahaztu jendearen marmarra,
dastatu erronkaren aparra,
gogor heldu zezenari adarra,
elikatu barru-barruko harra,
erein ezpainetan irrifarra,
borondatean dugu iparra,
eztarrian, berriz, deiadarra
eta aho barruan, noski, izarra:
 mihianemptyeuskara                                                      emptybarraemptybarraempty                                                    emptygureemptyterritorio                                                 emptylibreemptybakarra