2016(e)ko azaroaren 30(a), asteazkena

Goizeko gogoeta...

Eguna hasteko, gogoeta egiteko tartetxoa hartzen dugu egunero... Aste honetan, euskararen eguna laster dugulako, gogoeta guztiek hizkuntza dute ardatz.

Hizkuntzak elkar komunikatzeko dira, baina, aldi berean, komunitate bat osatzen laguntzen dute, elkarte bat... eta mundua ikusteko modu bat. Inuitek guk baino kolore gutxiago ezagutzen omen situate, baina txuri desberdin ugari antzemango dute ziur, haien mundua nolabait zuri kolorekoa delako. Hizkuntzek aberastasun hori dute.

Gure ingurura begiratuta, ehundik gora hizkuntza hitz egiten direla diote adituek, jendea munduan zehar geroz eta errazago barreiatzen delako. Nork bere hizkuntza zaintzea besteak aberastea da, besteentzako mundu ikuskera desberdinak eskaintzea. Horregatik, horixe polita dela hizkuntza desberdinen arteko loturak egitea, baina parekidetasunez, ez bata besteari gailenduz. Hizkuntzek lotzen gaituzte, gu bezalako direnei, baita desberdin direnei ere. Begira zeinen ederra den kolore desberdinetan amets egitea... Eguna alai hasteko...

2016(e)ko azaroaren 28(a), astelehena

Hizkuntza denak hizkuntza dira

Parekidetasuna izenetik beretik hasten da, eta horixe aldarrikatu nahi dute Mexikon: indigenen hizkuntzak beste hizkuntzak baino gutxiago ez direla gogoratzeko kanpaina abiatu dute egunotan, eta zerrendatutako hizkuntzen artean Euskara topatu dugu.

Mexikon ere badakite gure hizkuntza mundiala dela!

Bai, bai!

#mundiala

2016(e)ko azaroaren 25(a), ostirala

Euskararen eguna antolatzen...


Aurreko ikasturteetan bezala, aurten ere Ikastetxeko ipuina idatzi nahi dugu, guztiok batera. Koxme eta bere lagunek hitzordua egin dute Zarauzko Torreoian... eta hortik aurrera gertatutakoak, LH eta DBHko guztion artean asmatuko ditugu. Istorioa ezagutzeko, abenduaren 2ra arte itxaron beharko, orduan elkartuko baikara guztiok ipuinaz gozatu eta euskara aldarrikatzera. Izan ere, aurten Euskararen eguna larunbatez egokitu zaigunez, bezperan hasiko ditugu ospakizunak

Jakingo duzue, noski, Zarauzko Udalak prestatzen duen egitaraua hormirudi dotore batean plazaratu ohi dela, eta irudi horretarako marrazki leihaketa antolatzen duela urtero.

Aurtengo hormirudiko irudia gure Junek egin du, eta sari banaketara poz-pozik gerturatu gara gaur eguerdian, lagun artean, Iratik ere saria jaso baitu, hirugarrena. Euskararen egunaren harira egitarau dotorea prestatu denez... Orain, parte hartzea ederra izatea baino ez zaigu falta.







2016(e)ko azaroaren 15(a), asteartea

Negu atarian, gaztainak eta kantuan

Zarauzko Hitzan argitaratua
San Martin egunak badu esanahi berezirik euskaldunontzat: negua gerturatzen ari dela iragartzen digu, eta katagorriek egiten duten moduan, jana biltzeko garai iristen da, neguko buelta horretan etxean batere gabe gelditzeko arriskurik ez izateko. Txerribodak dira San Martinetan...

Gure kaleetan, negua iristear dela iragartzen diguten elementuak topa ditzakegu, gabon argiak, jakina, baina baita kale-kantoietan agertzen diren gaztain saltzaileak ere. Gaztainak berotasuna du berarekin, sutondoa, eta sutondoan jarduten ziren, lagunartean, kontu-kontari, baita kantari ere, kanpoan hotz egiten zuen artean.

Hori guztia gogoratuz erre dugu danbolinetan gaztain mordoa, eta guztiok elkarrekin, kantu saioa burutu. Gaurkoa kantu saio desberdina izan da, omenaldi xume baina sentitua izan nahi zuelako. Manolo Urbietari eskerrik asko kantatu ostean, txiki-txiki-txikiak ginela, eskolan astoa ikusi (ge)nuela gogoratu dugu, harekin jolastu ginela, ranroberrak po po po egiten zuela, uztai barruan preso gelditzen ginela, eta bizitza kantu bat dela... Gogoratzen? Martxan jarri da lege berria: Euskaraz Euskal Herrian!

2016(e)ko azaroaren 11(a), ostirala

Ingurua Mintzalagunez josia

Zarauzko La Sallen Soziolinguistikarekin bueltaka gabiltza... Ikerketek dioten eran, euskararen ezagutzak gora egiten badu ere, erabileran ez da igoera hori nahi beste antzematen... Ez da gazteenen errua, helduak baikara pixkanaka gure egunerokotasunean gaztelerara errazago jotzen dugunak, baina, dena den, gaiak hausnarketarako bide irekitzen digu, eta barruak astindu nahian, hor ari gara, gure altxorra zaindu behar dugula egunero gogoratuz.

Gaur, DBH 2. mailako ikasleekin berriketan, Mintzalagunak etorri zaizkit burura. Donostian gaztelera asko entzuten dela diote batzuk; beste batzuk, baikorrago akaso, Donostia euskahaldundu beharraz jarduten dira, euskara jakin, askok badakitelako, baina gazteleraz erraz jarduten direlako. Artean, Zarautz euskaldunagoa dela egia da, baina badira euskaraz trebatzen jarraitzeko mila arrazoi... Hizkuntza bat ikasteari sekula uzten ez diogulako. Horra Donostiako Bagerak Mintzalagunen deia zabaltzeko eginiko erreportaia laburra. Inon izenik eman gabe, gure inguruan Mintzalagun izan gaitezkela jakizu... Zure euskarazko jardunak besteoi ere mesede egiten digulako, izan eskuzabal, izan euskaldun!


2016(e)ko azaroaren 9(a), asteazkena

20. KORRIKAren aurkezpena

Hitzordua gaur, goizeko 11:30etan, Donostiako San Telmo museoan. Korrikak hurrengo edizioa 20.a izango du, eta horren berri emateko deitu gaituzte bertara, aurkezpenera. Otxandion hasiko da martxoaren 30ean, eta Iruñean amaituko apirilaren 9an, nekaezin, eskuz-esku ibiliko den mezua irakurri ostean.

Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. Bat eta zuk hitzen arteko jolasa da, gu guztiok euskarara gonbidatzeko. Korrika arduradunen hitzetan, "Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".

Edizio borobil honetan omenduak Korrikaren sortzaileak izango direla erabaki dute, 1980 urtean halako erokeria ederra bururatu zitzaielako, haiei esker euskaraz bizitzeko aldarrikapena festa erraldoi bilakatu delako.



2016(e)ko azaroaren 8(a), asteartea

Bokazio astea

Tandanacui Hormirudia prestatzen ari hemen
Bokazio astea dugu hau... Hitz potoloa da bokazioa, etorkizunera begira jartzen gaituena, baina baita gure barnera ere... Izan ere, etorkizunari guk zer eskein diezaiokegun, eta eskeintza horrekin zoriontsu nola izan gaitezken bilatu nahi dugu egunotan. Aurtengo leloa, ARGIPEAN da, baina argi horrek geurea behar du, ezin besteek beti gure bidea argi dezaten itxaron.

Tandanacui taldekoek txikienentzako hormirudi itzela prestatu dute aurreko astean, gogotsu, Ikastetxeko zaharrenak txikienentzako argi ere badirelako, eredu, bide... 

Euskararen Normalkuntzatik begiratuta, Bokazio astean Zarautzen oso maitatua izan den pertsona ekarri nahi dugu gogora: Manolo Urbieta. 2002 urtean Argian argitaratu zioten elkarrizketa batetarako lotura utziko dizuegu hemen, ikaragarri interesgarria, gauzak beti errazak izan ez eta, halere, norberaren argiari eusteko gaitasuna izan duen pertsona bat erakusten duena. Oteizak hari buruz esana da: Imanol, umeak sutsuki eraikitzen dituena. Gu ere, ilusioz, horretan gabiltza.

2016(e)ko azaroaren 7(a), astelehena

Xalbadorren heriotzean...

Haren bizitzari buruzko dokumentala hemen
Gaur 40 urte dira bere omenez herri bazkari bat ospatzen ari zirela, bihotzeko batek eraman zuela Fernando Aire Urepeleko semea. Xalbador.

1920an jaioa, 16 urte zituela hasi zen plazarik plaza, eta urte latz eta nahasietan jardun zen bertsolaritza han eta hemen zabaltzen. Saltorik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, ipar eta hegoalde muga zeharkatu zutenekoa izan zela diote adituek. 1967an, Anoetako Pilotalekuan txistu hotsak entzun zituen Uztapiderekin batean finala jokatzen ari zela, baina agur egiteko garaian denak txaloka jarri zituen bere sentimenduak azaleratu zituenean: 

          Anai-arrebak, ez otoi pentsa 
          neu're gustura nagonik,
          poz gehiago izango nuen 
          albotik beha egonik; 
          zuek ezpazerate kontentu 
          errua ez daukat, ez, nik... 
          txistuak jo dituzute bainan 
          maite zaituztet orainik.


Xalbador Eguna da gaur, Urepelen hala ospatu dute, eta guk, Xabier Leteren kanta hunkigarriaz gogoratu nahi dugu bertsolari handia, Urepeleko artzaia. 1978an argitaratu zuen, Lore bat, zauri bat diskan, eta hasieran errezitatua izateko idatzi zuena, kanta bilakatu zuen... Euskal kantagintzak biltzen dituen kantetan estimatuenetarikoa, zalantzarik gabe.


2016(e)ko azaroaren 6(a), igandea

Tribuaren berbak ikastetxeetara

Gazte euskaldunen artean soziolinguistika landu beharraz aspaldi ohartuta, baita kezkatuta ere, Ikastetxeetan eragile desberdin ugari dabil laguntza eskeiniz; izan ere, euskararen ezagutzak gora egiten duen bitartean, erabilerak apurka behera egiten duela ikusita, zerbait egin behar dela zalantzarik ez. 

Urte pare luzea da EITBk Kike Amonarrizen eskutik Tribuaren Berbak ekarri zigula, saio atsegina, batzutan kuriosoa, eta batez ere, baikorra. Euskararen egoeraz hitz egiten hasten garenean, askotan ezkor garela dio berak, eta begirada alaiago batek lagunduko ligukela uste duenez, horixe da bere ekarpena. Jende asko dabil euskararen inguruan lanean, gauza oso desberdinak eginez, baina ezezagun bazaizkigu, ez dira esistitzen, eta hortik jaiotzen dira gure aurreiritzien erdiak. Horregatik du Amonarrizek soziolinguistika etxeetako egongelen epeltasunera helarazteko grina.

Urrats berria egin dute orain, eta Josune Zabala eta Iñaki Zapirainekin batean talde aparta taxutuz, orain arte eskoletara iristeko izan dituzten zailtasunak gainditzen saiatu dira. Konpetentziak oinarri hartuta, erronka komunikatiboei heldu nahi izan diete, orain arteko telebistako 60 saioak 10 unitate didaktikotan bilduta. Bereziki irakasleentzako materiala da hau, baina saio haiek ikusi ez bazenituen, eta gaia gustoko baduzu, hemen duzu kuxkuxeatzeko aukera.

Eskuzabal, www.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak estekan utzi digute bere lana, ikasgeletan lantzeko prest. Bejondeizuela!

2016(e)ko azaroaren 5(a), larunbata

Robotak ere... bertsotan!

Donostiako Kursaalean Zientziaren Astea antolatu dute egunotan, hamaseigarrenekoz. Helburua: gazteak jolas, esperimentu eta roboten bitartez zientziara erakartzea, zientziak ez duela zertan astuna izan erakustea. Hamabost erakuslehiotan, fisika, kimika, matematika... eta robotika. Han izan gara DBH 4.mailakoak.



Nao robotak mutu utzi du ezagutu duen oro: mugitzen ezezik, dantzan ere badaki, baina hizketan hasi orduko, aho bete hortz uzten ditu denak. Donostiako Informatika Fakultatean, bertsobot izeneko proiektuarekin batean, bertso saio batean parte hartzeko trebatzen ari dira Nao. Tartalo robota ere horretan saiatua da honezkero, baina oraindik Bertso Txapelketa irabazteko asko ikasi behar duen arren, Fakultateko Ixa taldeak egiten duen lan bikainaren eredu dira biak.

Xuxen zuzentzailea eta Idazlagun itzultzailea ezagutzen? Ixak euskarak sarean leku dotorea izan dezan egindako ekarpen mundialak dituzu.


2016(e)ko azaroaren 4(a), ostirala

Kantatzen ez duenak Zorionik ez du!


Bizitza kantu bat da, halaxe hasten da Manolo Urbietak idatzitako kanta ederra... Eta kantuan jarduteko, lagunartea girorik goxoena. Hori dela eta, hiruhilabete honetako lehen ostiraletan HHko ikasleek hitzordua luzatu diegu gurasoei, guztiek batera euskal kantez gozatuz, ederki pasatzeko. Lehena, gaurkoa. Begira zeinen Kalejira dotorea antolatu dugu guztion artean. Ea datorren hitzordura arte kate horri eustea lortzen dugun. Artean, bizi alai! Segi kantuan!

      Bizitza kantu bat da
      guretzat hain justu
      neska mutilak hori
      dago gure esku!
      Kantari eskorala, 
      kantari jolastu,
      kantari lotaratu,
      kantari amestu... 
      Kantatzen ez duenak
      Zorionik ez du!

2016(e)ko azaroaren 3(a), osteguna

Tipi-tapa, Korrika!

Badatorrela, badatorrela!
Astebete exkax falta da 20.Korrikaren aurkezpenerako, baina artean, tantaka edo, giroa berotzeko asmoz, zipriztin koloretsuak iristen hasi zaizkigu. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek haien ikuskizun berria hilabete honetan zehar aurkeztuko dute herriz herri, eta gaur jarri dute haien vlogean aurrerapen kanta: Tipi-tapa, Korrika!
Euskara, alaitasuna, elkarlana eta balioak ditu hari-gidari ikuskizunak, eta Korrikaren urteurren borobila ospatu nahi du.

Basoari urtero iristen zaio urdaberria, kukuak esnatu, elurrak urtu eta landareak loratzen direnean. Euskarari, ostera, bi urterik behin, Korrikarekin batera. Korrikako kilometro bakoitzean lekukoa pasatzen dugu euskaldunok eskurik esku, maitasunez. Lekukoa airean dabil, lurrik ukitu gabe, barruan mezu sekretu bat gordeta.
Eman, hartu, jaso pasa... aurrera...
     
Badaramagu euskara etorkizunera.

2016(e)ko azaroaren 2(a), asteazkena

Euskararen eguna antolatzen...

Abenduaren 3a da Euskararen eguna... Egitarau bereziak antolatzen ditugu hemen eta han, kontzientziari eusteko, kontzientziak pizteko edo, gutxienez, euskararen inguruko hausnarketak bultzatzeko. Aldarrikapena eta festa uztarturik, austen ere eragile desberdinak dagoeneko martxan gara guztion gustuko izango den zerbait antolatzeko lanetan.

Zarauzko Udalak, aurreko urteetako ildo beretik, herriko ikastetxeetarako eskeintza zabaldu digu, eta urtez-urte arrakastatsuagoa den pegatina leihaketa antolatu du. DBHkoentzat da deia, eta azaroaren 15ean amaitzen da lanak aurkezteko epea. Sariak, apartak: Euskal Kultura produktuak erosteko 100, 75 eta 50 eurotako txartelak lehen, bigarren eta hirugarren lan onenentzat. Datozen egunotan ideiak dantzan ikusi nahi ditugu, ea aurten ere gure Ikastetxean artistaren bat topatzen dugun!