2016(e)ko abenduaren 15(a), osteguna

Europako Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa


Donostiaforum
Europar Batasunaren hizkuntz aniztasunaren aldarria egin nahi du Foroak, hizkuntza gutxitua duen herrialde baten ekarpen sinboliko baino gehiago, mugarri ere izan dadin, Europako Kultur hiriburutza duen Donostia 2016 programaren baitan.

Izan ere, Europa Batasunaren hizkuntz aniztasuna bere estatu kideetako 24 hizkuntza ofizialek ezezik, beste 90 hizkuntzak ere osatzen dute. Guztira, 50 milioi pertsonaren hizkuntza "ez ofizialez" ari gara, eta hizkuntza horietako askoren oraina eta etorkizuna bermerik gabe dira gaur, 30 inguru desagertzeko arriskuan direlarik.

Garai batean, Foroetan gauzak eztabaidatu eta, kontsentsuz edo, erabakiak hartzen zirelako hautatu da formatu hau, jakina baita hizkuntzen biziraupenean herrien ardura bai, baina norbanaren erabakiak ere kontuan izan behar direla, hizkuntzek herriak egiten dituztelako, baina hizkuntzak hiztunenak direlako.

Hizkuntzen aniztasunaz eta iraunkortasunaz, Hizkuntzen Eskubideak bermatzeko protokoloaz, Europako Hizkuntza politikaz eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaz, Hizkuntza gutxitu batetik Hezkuntza eleanitzaz... Horretaz, eta beste hainbat gai interesgarriz jardungo gara Donostiako Kursaalean, eta bertan UNESCOren Munduko Atlas berriaren aurkezpena egin ondoren, datorren larunbatean Hizkuntzen Eskubideak betearazteko bide orri berrituaren aurkezpenarekin emango zaio amaiera.

Hizkuntza txikiez hitz egiten dute batzuk, beste batzuek, hizkuntza gutxituak... Hizkuntzen Eskubideak betearazteko eskatzen ari dena, Hizkuntza Gutxitua da, gutxietsia, beste baten maila oraindik ez duena, alegia. Euskararen egoera konplexuaz ere hitz egin da Foroan, jakina baita legezko errealitate desberdinak bizi dituela gure hizkuntzak. Gaur betetzen ditu, hain zuzen, pixkanaka aldatzen ari den Euskararen Legeak 30 urte, eta ospatzeko ezer ez bada ere, Kontseiluak ekitaldia deitu du Iruñean. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkariak, Euskarak Nafarroan jasandako trabak aletu ondoren, Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariari luma bat oparitu dio, euskararentzako lege berria idatz dezaten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina