2016(e)ko irailaren 29(a), osteguna

Imanol Urbietari

Hogei bat urte izango dira harrezkero, baina ez daukat ahazteko Ran roberran mendira joan ginen arratsalde hartakoa. Bidean, baserri bitxi batean, akerra ikusi genuen baratzean jaten eta alboan betaurrekodun asto bat. Haiei begira gaudela, non entzuten ditugun oilarrak kukurruku, katuak miau-miau… Eta kanta, kanta, kanta, kantari aurrera segi genuen. Ran roberretik jaitsi eta belartzan oinez hasi; poltsikoan eskuak, oinak arrastaka, “luzea da bidea?” galdetuz. Tipi-tapa, tipi-tapa, ezustekoa hankapean; tximeleta mendian lore baten gainean! Orduan azaldu zenigun tximeletak harrapatzeko uztaiak gora-gora altxatu behar direla, lurretik zerura; jira alde batera eta gero bestera. Bat-batean, non gerturatzen zaigun zaldi pintto bat trostan; “Mac Mikel badoa!” esan zenuen. Atzetik zihoakion Jon Braun, indio txiki bat zen Jon Braun.

Ni, orduko argazkietan, txiki-txiki-txikia ikusten naizenean, zurekin akordatzen naiz, Manolo. Non ote zabiltza? “Ibiltzen, ibiltzen ari naiz nire herriko bideetan. Zein ederrak diren mendiak! Hor nabil ametsetan…”. Eta zer amesten duzu? “Txoria naizela, txoria naizela. Amets polit hura, amets polit hura gaur ere nahi nuke sinistu…”. Bakarrik eta libre, bazoaz. Gauez argitzen zaizu bidea, argitzen zelaiak, zuhaitzak, mendiak… Hau ez dago ahazterik. Zuri esker, Manolo, bizitza kantu bat da guretzat.
Miren Amurizak Berrian idatzi ditu hitzok,eta bertakoa da ere haren bizitzaren nondik-norakoak jaso nahi duen artikulua; euskal haur kantagintzari egindako ekarpena eskertu nahi izan zion Bakarrik eta Libre omenaldiak... Atzo joan zitzaigun maisu handia, iritsiko al zaizkio bere kantei esker piztutako ahots alaiak...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina